XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) normalean ez dago jasotako informazio hori aztertzeko denbora muga handiegirik.

Dena dela, azken kirol hauetan kanpoko informazioak garrantzi gehiegirik ez badu ere, hartzaile kinestesikoen bidez golgiren organu tendinosoaz, kapsula artikularraz... etengabe jasotzen ari garen barne informazioa (norberaren oreka, hanken posizio eta angulazio egoera...) ondo analizatu eta kontrolatu beharra dago.

- Erabakitze mekanismoa (informazioaren azterketa):

Pertsona batek egin ditzakeen mugimendu guztien artean aukeraketa egiten duen bakoitzean, erabaki bat hartzen duela esan dezakegu.

Adibidez, talde kiroletako trebetasun irekietan maixutasun handia duen jokalari batek, jokoan sortzen diren arazo edo egoera ezberdin bakoitzerako irtenbide posible asko ditu.

Bere memorian, esperientziaren poderioz, egin ditzakeen plan edo mugimendu eskema ezberdin asko bildu ditu.

Hala ere, kirol hauetan erabakiak ahalik eta azkarren hartu behar direnez eta informazioa aztertzeko denbora oso mugatua denez, askotan aukeratutako erabakia (taktika indibiduala delakoa) ez da egoera zehatz horretarako egokiena izango.

Era berean, kiroleko trebetasun itxiei dagokienez (adibidez, atletismoko pisu jaurtiketa edo golfeko kolpe bat), gehienetan gauzatu beharreko ekintza ondo zehaztua eta ikasia egoten denez, erabakiak hartzeko mekanismoak ez du garrantzi gehiegirik izango.

Eta izango balu ere, pertzepzio mekanismoan bezala, denbora nahikoa izango genuke egoera berrira egokitzeko.

- Exekuzio mekanismoa (mugimenduaren antolaketa):

Ingurunea aztertu eta behin erabakia hartu ondoren, nerbio sistemaren bidez, agindu hori giharretara bidali behar dugu.

Burutu beharreko mugimendua ingurunera egokitzeko parametro espazialak (mugimenduaren norabide eta luzera), denborazkoak (mugimenduaren iraupena eta azkartasuna) eta espazio-denborazkoak (abiadura, azelerazioa eta mugimenduaren indarra) hartu behar ditugu kontutan.

Edozein trebetasun garatzerakoan exekuzio plan orokor bakoitza azpiaginduz osatuta egongo da.

Azpi-agindu hauek, neurri handi batean, ondo barneratutako eta automatizatutako mugimenduak izango dira.

Trebetasun itxietan, hasierako txabalina jaurtiketaren adibidera bueltatuz, mugimendu zehatz bat erreproduzitzen saiatzen gara.

Mugimendu zehatz hori ondo landuta eta gure memorian ondo barneratuta izango dugu.

Aldiz, trebetasun irekiei dagokienez, jokalariak mugimendu plan ezberdin askoren jabe izan behar du.